14/10/20

hizkuntza batean esaten dena, beste edozein hizkuntzatan esan daiteke?

Hizkuntzalaritzako aspaldiko auzia da hitz egin ote daitekeen edozein gairen gainean edozein hizkuntzatan, edo, beste era batera esanda, giza hizkuntza guztiek gaitasun berbera ote duten adierazi nahi duguna adierazteko. Eta ez da txantxetako kontua, zeren, auzia ebazteko nola erantzuten dugun, ondorio praktikoak drastikoak ere izan litezke.

Zalantzak lehenbailehen argitzearren: bai, edozein gairen gainean hitz egin daiteke edozein hizkuntzatan. Horren baieztapen biribilari izena ere eman zaio: efabilitate printzipioa.

Lexikoa, gramatika… oso desberdinak dira munduko hizkuntza guztietan. Batzuetan, hain handiak dira aldeak, ze pentsatu genezake hizkuntza bakoitza mundu isolatu bat dela, hizkuntza komunitate bakoitza mundu horretako muga-barruan itxirik bizi dela. Itsasbazterrean bizi den herri batek, jakina, ingurune horri lotutako lexiko izugarri aberatsa izan lezake (nork daki zer diren harrankila, despiska, estrepo, tiraina, treotzara, zingan joan…?), lehortar herriek falta lezaketena (eta alderantziz); gurea bezalako gizarte teknifikatu batek hainbat eta hainbat termino ditu telefono mugikor baten osagaiak izendatzeko, telefonoa ezezaguna duten gizarteek falta izango dituztenak –horrelako gizarterik geratzen bada inon, behinik behin–. Zer esan nahi du horrek guztiak, basamortuko jendeak ezin duela hitz egin itsasoaren gainean, edo ezinezkoa dela telefono mugikor bat zer den eta nola dagoen eginda horrelakorik sekula ikusi ez duenari azaltzea?

Senak –eta gure esperientziak berak ere– baietz diosku: ahal dela. Baliteke zenbait termino ez edukitzea, baina beti baliatu ditzakegu itzulinguruak, edo berba berriren bat sortu; izan ere, guk ere ez geneukan telefonoen gainean hitz egiteko berbarik telefonoa asmatu zuten arte. Maiz, aldameneko hizkuntzatik mailegatzea izaten da lexiko berria eskuratzeko modurik errazena; egunero jokatzen dugu horrela.

Gramatikari dagokionez, zenbait hizkuntzatan –euskaraz, adibidez–, aditz sistema oso konplexua da, adizki bakoitzean hainbat informazio eskaintzen baitira: nor, nori, nork, aspektua, tempusa, modua…: kontuan hartu zenbat informazio dagoen eman diezazuket esaten dugunean; beste hizkuntza batzuetan, berriz, sinple-sinplea da aditz sistema: ingelesez, esaterako, hainbat pertsonatarako eta hainbat tenpusetarako erabiltzen da cut adizkia. Ingelesez hitz egiten dugunean ñabardurak adierazteko mugatuago gaudela dakar horrek? Ez nahitaez. Gramatikak biltzen dituen adizkien formez gain, bestelako hainbat elementu lexiko daude eskuragarri ingelesean (adberbioak, izenordeak, laguntzaileak…) ñabardura horien berri emateko; eta huts egingo balute, nola edo hala adierazteko bidea topatuko luke ingeles hiztunak, esaldi batekin edo gehiagorekin.

Efabilitate printzipioa eta itzulgarritasun printzipioa enbor bereko ezpalak dira: giza pentsamendua berdin adierazi badaiteke edozein hizkuntzatan, hizkuntza batean esaten dena beti isuri ahal izango da beste batera. Jakina, itzultzaileek berehala ohartaraziko digute: beste hizkuntzetako moldeetara eraman ezinezko ñabardurez josita daude testu guztiak; dena dela –guk dakigula, behinik behin–, orain arte inongo testurik ez da itzulezintzat jo: beti dago esanahia nola edo hala beste hizkuntzetara isurtzea, batzuetan bortxatuki bada ere, mailukada galantak emanda. Horrek ez du eraisten efabilitate printzipioa, ez gutxienez bertsio moderatuan. Zergatik? Efabilitate printzipioak dioelako hizkuntza batean esaten dena beste edozein hizkuntzatan ere esan daitekeela: ez dio hizkuntza batean esaten dena beste edozein hizkuntzatan ere modu berean esan daitekeela.

Espekulazio teorikoz haraindiko ondorioak dakartza kontu honek. Hizkuntza batean adierazi daitekeena mugatuta balego, mugapen kulturalak egongo lirateke derrigorrean. Hala, hizkuntza komunitate batzuek ezinbestean edukiko lituzke berezko trabak filosofian sakontzeko, garapen teknologikoen berri emateko edo literatura sortzeko, adibide gutxi batzuk ematearren; beste hizkuntza komunitate batzuei, berriz, hizkuntzak berak eskainiko lizkieke abantaila estrategikoak eremu horietako batzuetan. Gertatu liteke, gainera, hizkuntza bat eremu baterako bikaina izateak ezinbestean ekartzea beste eremu batzuetan guztiz desegokia izatea; adibidez, logikaz jarduteko hizkuntza aproposenak erdipurdikoak izatea lirikarako, edo abstrakziorako gaitasun erabatekoa iristeak ezinbestean ekartzea emozioak ezin adieraztea… Erakargarria da noski burutazio hori, eta orpoz orpo jarraitzen diote munduko herri guztien kontura zabaldu diren hainbat eta hainbat estereotipok. Horrelako beste ideia bat, aurrekoa baino are urrunago eramango gintuzkeena, hau da: hizkuntza batek eremu guztietan gailentzea, tresna guztiz baliagarria izatea betebehar gehienetarako, eta, ondorioz, hizkuntza horretako hiztunek berez edukitzea gaitasun handiagoa poeta, filosofo, hizlari, ingeniari, ekonomialari edo legelari hobeak izateko. Horrelako herri bat berandu baino lehen bilakatuko litzateke Lurraren jabe.

Historian, hainbat hizkuntzari aplikatuta aldarrikatu dira ideia horiek. Europan, esaterako, teoria pseudozientifiko oso bat eraiki zen indoeuropar hizkuntzen nagusitasuna frogatzeko asmoarekin; eta, bide batez, Europako kulturaren eta –funtsean– gizarteen nagusitasuna frogatzeko. Hala, X herriak pentsamendu abstrakturako berezko mugapena bazeukan eta beraz ez espiritualki ez eta materialki ere ezin garatu bazitekeen, bertara joatea zen zuzenena, dohakabe haiei laguntzera… geure erara. Erretolika deitoragarri horrekin zuritu dira kolonialismoa eta arrazismoa, besteak beste.

Amaitu aurretik, pare bat ohar.

Efabilitate printzipioak ez dakar dena adierazi daitekeela hitzekin. Denok egin dugu topo inoiz giza hizkuntzen mugapenekin, adierazezinarekin. Xumeagoa da efabilitate printzipioa: hizkuntza batean esan daitekeena beste edozeinetan ere adierazi daiteke. Besterik ez dio: ez doa haratago. Hizkuntza batean ezin adierazi daitekeena, ezin da beste batean adierazi hitzekin.

Baina egiari berea: efabilitate printzipioak baditu berekin arazoak. Arazo horietako batzuk nabarmendu dituzte erlatibotasun linguistikoa –aurkako hipotesia– defendatzen dutenek. Baina beste batean mintzatuko gara arazo horietaz.


Bustos, Alberto. 2010. “¿Se puede hablar de todo en cualquier lengua?”.Blog de Lengua [http://blog.lengua-e.com/2010/se-puede-hablar-de-todo-en-cualquier-lengua/; azken ikustaldia: 2014ko urriaren 17a].

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina