14/10/24

Zea mays

Negua badator eta, Zea Mays-en kantu kanoniko zoragarria entzuten ari gara hau idatzi bitartean...

Baina erne!: izenburuan, Zea Mays idatzi beharrean, Zea mays idatzi nahi izan dugu, letrakera etzanez eta bigarren hitza xehez hasten dela; izaki bizidunen izen zientifikoak idazten diren bezala, hain zuzen ere. Bai, lagunok: artoaren izen zientifikoa da Zea mays.

Astelehenetan Gernikako plazara edo asteazkenetan Ordiziako azokara joan, eta begien gozagarri dugu nonahi baserriko betiko jeneroa, aho gozagarri izango dena: tomateak, patatak, indaba edo babarrunak... Betiko jeneroa, euskaldunok Amerika deskubritu genuenetik edo Amerikak deskubritu gintuenetik noski, laurak -artoa eta indabak, tomatea eta patata-, etorri zitzaizkigun-eta karabeletan ozeanoaz beste aldetik.


Tomateekin eta patatekin batera, beren izenak ere etorri zitzaizkigun: lehena, azteken hizkuntzatik (tomatotl); eta bigarrena, Karibeko tainoen hizkuntzako batata eta inken kitxuako papa bi hitzak nahastetik.



Arto, berriz, euskal ondareko hitza zen, Kristobal Kolonek artoaren lehen aleak ekarri baino askoz lehenago ere Busturialdeko eta Goierriko nekazari guztien ahotan zebilena. Zeri esateko, baina? Artoa bezalatsuko beste zereal edo labore bati: artatxikiari, hain zuzen ere. Etorri berriak "Kendu hortik, txikito!" bota zion Europako lehengusu kakanarruari, izena ostu, lur gehiena hartu...

Eta auzoko hizkuntzetan? Gaztelaniara, frantsesera eta ingelesera, patatekin eta tomateekin gertatu zen bezala, izen eta guzti etorri zen jakia: tainoen hizkuntzako mahiz hitzetik datoz maíz (gazt.), maïs (fr.) eta maize (ing.). Horrekin batera, artatxikiaren lehengo izena gorde zen gaztelaniaz: mijo; frantsesez eta ingelesez, berriz, millet esaten zaio artatxikiari, lehengo deituraren gainean txikitzailea duela.

Baina portugesean euskarazkoa bezalako prozesua gertatu zen: milho lehengo izena arto etorri berriari eman, eta milho-miúdo (menudo = txikia) forma berria asmatu behar izan zuten artatxikiarentzat.

Destino petrala artatxikiarena. Kantatu diezaiogun bitariko fado (= patu) bat amaitzeko.


Mundo de inverno corpo gelado
soinu bakar-bakarra zure bularraldean
sem o teu corpo nos lençois
deste meu fado
borobildu zaizkit ertzak zure ondoan
negua badator-eta.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina