14/11/6

Jaun agurgarri t'erdi


Azterketak zuzentzen ari ginela aurkitu genuen, aspaldi, gutunaren hasiera bitxi hau: Jaun agurgarri t’erdi. Ez hain aspaldi, beste azterketari batek honela amaitu zuen eskutitza: Agure bero bat. Ulertzekoa da edozer egin dezakezula azterketa bateko estutasunean. Aztertzaileok badakigu hori, eta idatziaren osotasunari erreparatzen diogu; bekatutxoak barkatu egiten ditugu.
Baina ez zaigu batere barkagarria iruditzen ikastetxe batetik gurasoei bidalitako oharrak hasiera eta amaiera hauek izatea:

OHARRA

Kaixo, Guraso:

[…]

Eragozpenak barkatuko dituzuelakoan, egur (sic) bero bat luzatzen dizuegu.


ZUZENDARITZA


Benetakoa da, ez dugu guk asmatu: guraso kaixogarri batek ekarri zigun etxean jasotako perla. Ez dugu esango halakoak ohikoak direnik, baina gertatzen dira.

Zorionez, normalizatzen ari gara gure hizkuntzaren erabilera, eta finkatu ditugu formula batzuk ("Lagunok:", "Guraso horiek:"; "Ondo izan.", "Besterik gabe, agur."...). Automatizatzen dituzu, eta kito! Gastatu dezagun gure energia gutunaren edo oharraren idazketa egokian!

Baina…

Gure eskola-emankizunetan saiatzen gara hori guztia azaltzen; eta, itxura batean, argi geratzen da kontua. Hala ere, baten batek ondorio hau atera du:

—IRALEn esan digute “hori / horiek” erabili behar dela.
—A! Orduan…

Eta tokatu zaionean subjektu horri e-mail bat idaztea, honela hasi da:

Jaun Etxeberria hori:

Guk ez dugu hori predikatzen. Jarri honela: “Etxebarria jauna:” edo “González andrea:” pertsona jakin bati idazten diozunean. Edo: “Kaixo, Maripili:”, "Aupa, Pedrito:"...

Eta oraindik zalantzaren bat baduzu, begiratu gure artikulu hauetan ea erantzuna aurkitzen duzun:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina