14/11/4

Zer da aurrena: ahozkoa edo idatzizkoa?

Lagun espainiar bat, euskaraz idatzitako nire paperen artetik bat hartu, eta irakurtzen hasi da, zezelka:  A-ji-rré-ren ó-jia cen.
Hasieran, nahasirik geratu naiz, ulertu ezinik zer demontre ari den irakurtzen. Gero konturatu naiz zer jartzen duen paperean: Agirreren ogia zen. Erakutsi diot zein den ahoskera zuzena, eta honela ihardetsi dit, erdara garbian noski: “Baina A-ji-rré-ren ó-jia cen jartzen du…”.


Jakina, lehen-lehenengo idatz-sistemak garatzen hasi baino askoz lehenago ere bazekiten hitz egiten gizakiek. Gizateriaren historian, ahozkoa izan zen aurrena, eta gero etorri zen idatzizkoa. Mundu osoko hizkuntza komunitateetan errepikatu da, eskala txikiagoan, giza espezieak bere osotasunean garatu duen prozesua: komunitate batzuek beste batzuengandik ikasi dituzte idatziz finkatzen beren hizketak. Aurrez, denek zekiten hitz egiten, eta denek zekiten, ederto batean, zer esaten zuten. Are gehiago: gaur egungo hizkuntza asko eta asko oraindik ez dira idazten, baina hiztunek ez daukate inolako arazorik, hizkuntza horiek baliatuta, beren espresiozko eta komunikaziozko premiak asetzeko. 

Hizkuntza guzti-guztietan, idatzi direnetan zein idatzi ez direnetan, hitz egiten da (edo hitz egiten zen, hizkuntza hilen kasuan). Beraz, ahozkoa da aurrena, eta gero dator idatzizkoa (inoiz etortzekotan). Bidenabar esanda, ibilbide bera egiten dugu gizakiok bizitzan: hitz egiten ikasi dugu denok aurrena, eta gero, gutako batzuek behinik behin, idazten ere ikasi dugu. Izan ere, orain dela hamarkada gutxi batzuk, jende gehiena analfabetoa zen munduan; gaur egun oraindik, UNESCOren kalkuluen arabera, 800 milioi pertsonak ez dakite ez irakurtzen, ez idazten. Eta, noski, ez dago inor idazten dakienik baina hitz egiten ez dakienik, mintzatzeko desgaitasunak dituztenak izan ezik.

Horrez gain, mundu guztiak pasatzen du askoz ere denbora gehiago hitz egiten idazten baino; baita gure gizarte honetan ere, nahiz eta batzuek, deabruek hartuta, etengabe jarduten duten tekleatzen ordenagailuetan eta telefonoetan.

Ondorio honetara heltzea ekarri beharko liguke orain arteko guztiak: ahozko hizkuntza idatzizkoa baino garrantzizkoagoa eta oinarrizkoagoa da. Eta, hori jakinda ere, zergatik balioesten ditugu hainbesteraino zirrimarra ziztrin batzuk, paperean, edo harriaren gainean edo pantailan marratuta daudelako?




Bustos, Alberto. 2010. “¿Qué es primero: lo oral o lo escrito?”. Blog de Lengua-n [sareko dokumentua: http://blog.lengua-e.com/2010/que-es-primero-lo-oral-o-lo-escrito/; azken ikustaldia: 2014ko irailaren 16a]. Oharra: artikuluaren lehen zatia da, KZn euskaratua eta moldatua.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina