14/11/12

Zer da itzultzea?

"Zer da itzultzea? Itzultzea da abiapuntuko testuak dioen guztia esatea, ez dioen ezer ez esatea, eta esaten dena ahalik eta hizkera natural eta jatorrenean adieraztea."
 Valentín García Yebra, Traducción: Historia y Teoría



Adibide bat ematearren, LHko 6. mailako matematika ariketa bat ekarriko dugu hona:
¿Cuántas bolas de cada color hemos metido en una bolsa si sabemos que hay en total 50, que el número de rojas es el doble que el de blancas y que por cada tres bolas blancas hay una negra?
Hitzez hitz euskaratzen saiatuko gara:
Kolore bakoitzeko zenbat bolatxo sartu ditugu poltsa batean baldin eta badakigu guztira 50 daudela, gorrien kopurua zurienaren bikoitza dela eta bola beltz bat dagoela hiru bola zuriko?
Orain, jatorrizko testuaren formari erreparatu gabe emango dugu:
Poltsa batean, 50 bolatxo daude guztira: zuriak, gorriak eta beltzak. Gorriak zuriak halako bi dira; eta zuriak, beltzak halako hiru. Kolore bakoitzeko zenbat bola daude?
Bigarren bertsioan, askotxo aldatu dugu egitura: gaztelaniazkoa esaldi bakarra da, galdera batean informazio guztia biltzen duena; gurean, berriz, azkenean egiten dugu galdera, behin egoera oso-osorik aurkeztu eta gero. Informazio berbera dago euskarazko bietan, baina beste modu batean antolatuta dago bigarrenean. Forma errespetatu gabe ere, bada gaztelaniazkoaren itzulpena, esanahia itzuli dugulako.

Bigarren hori KZko kide baten bertsioa da, azaroaren 12ko goizeko 10etan bururatu zaiona. Uste du LHko 6. mailako ikasleentzat egokia izan litekeela; eta, gainera, pentsatzen du abagunea aprobetxatu dezakeela matematika irakasleak, hizkuntza irakasle ere badenez,  [X halako] egituraren berri emateko (baliteke ikasleren bati arrotz egitea egitura). Gaztelaniazkoak esan nahi duena euskaratzeko bide guztietatik (ezin konta ahala aukera daude) bat hartu du, eta seguruenik ez da egokiena izango, zure ustez (eta beraren ustez ere ez, bihar edo beste edozein egunetan hartuko balu aldatu egingo bailuke).


                                                                                                                                                                  
Egin dezagun segundo batean beste itzulpen bat, baina kontrara. Gaztelaniara pasatuko dugu, asko pentsatu gabe, euskarazko gure itzulpena. Hona hemen emaitza:
¿Cuántas bolas de cada color hemos metido en una bolsa si sabemos que hay en total 50, que el número de rojas es el doble que el de blancas y que por cada tres bolas blancas hay una negra?

Bide batez, hau da emaitza: 5 beltz, 15 zuri eta 30 gorri. Idatzi ditugu zenbakiak, baina zuriz; ikusi nahi badituzu, selekzionatu saguarekin esaldi osoa, eta... magia!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina