14/12/3

Bernart Etxepareren bidaia Japoniara

Abenduaren 3rako desiratzen geunden zerbait berezia idazteko, gramatika kontuak-eta alde batera utzita. Baina mila notizia eta ospakizun daude iragarrita hortik-handik-hemendik Euskararen Nazioarteko Egunerako, eta ez genekien zein nabarmendu. Benetan!

Eusko Ikaskuntzak San Frantzisko Xabierkoaren heriotza eguna aukeratu zuen Euskararena ospatzeko. Diotenez, hilzorian zegoela, bere ama hizkuntzan –euskaraz– egin zituen azken hitzak santu nafarrak. Ibili gara zer esan ote zuen aurkitu nahian, baina porrot egin dugu. Zer hitz erabili zituen? Mesedez: baldin badakizue, esan! Edo, bestela, asmatu!

Horren kontura gogoeta egiteko asmoarekin genbiltzan, baina Bloggerren sartu aurretik, korreoa ireki dugu; eta… sorpresa! Hiromi Yoshidak idatzi digu.

Kaixo,
Hiromi naiz. Zer moduz? Ondo, ezta? Gu ondo!
Joan den astean, azkenean, plazaratu genuen Linguae Vasconum Primitiaeren japonierazko itzulpena, Sho Hagio eta bion eskutik. Argazkia itsatsiko dut mezu honetan.
Bestalde, otsailaren bukaeran, Bilboko ahozko literaturaren festan inbitatuta gaude, Azpeitiko bi lagun eta ni, gure Rakugo saio bat emateko.
Laster arte, ondo-ondo izan!
Hiromi



Beraz, iruditu zaigu berri on hori zabaldu behar genuela gaur. Eta eskerrik asko esan 
Sho Hagio eta Hiromi Yoshidariありがとう (Arigatō).
Eta gauzak zer diren! San Frantzisko Xabierkoa Ekialde Urrunera (India, Japonia, Txina…) joan zen 1542an, eta han hil zen 1552an. Urte haietako batean argitaratu zen Linguae Vasconum Primitiae (1545), euskarazko lehen liburu inprimatua. Garaikideak izan arren, Xabierkoak baino ez-dakit-zenbat-mende geroago egin du Japoniarako bidaia Bernart Etxeparek. Baina inoiz ez da berandu! Bejondeiola!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina