14/12/28

EUSKARAREN JATORRIA, KANARIETAN: AMAITU DA ENIGMA



Harrigarria bada ere, oharkabean pasatu zaio euskal hizkuntzalarien intelligentsiari abenduaren 15ean La Voz de La Palma kanariar kazetan ageri zen albiste hau:

LOS PETROGLIFOS DEL VOLCÁN BIRIGOYO DE LA PALMA, DESCIFRADOS
El ilustre arqueólogo y lingüista granadino Manuel Gómez-Moreno ha publicado un artículo en la revista Archivo Español de Arte y Arqueología en el que describe con profusión de detalles el proceso que le ha llevado a descifrar varias de las inscripciones encontradas en Arrieta (Lanzarote), la necrópolis de Arteara (Gran Canaria) y las recién descubiertas del volcán Birigoyo.


Gómez-Morenok aitortzen du badakiela inskripziook irakurtzen, baina berarentzat –iberierarekin eta etruskoarekin gertatzen den bezala– iluna dela haien esanahia, toponimoena izan ezik: ECHEYDE (gaurko grafian, Teide: ikus Wikipedian “Origen del nombre del volcán” atala) eta ECHASSARTE (gaurko grafian, Tasarte).

Euskaldun eskolatu batentzat, berriz, guztiz gardenak dira artikuluan argitara emandako haietako hiru, gutxienez: 

  • KHARBELS ECHASSARTE (Arteara): HARRI BELTZ ETXE ZAHAR ARTE???  (gogoratu nekropoli batean aurkitutako inskripzioa dela, eta harri beltz bolkanikoa ugari-ugari dela bazterrotan).
 
  • ECHEYDE GAR MENTI NABVSI (Birigoyo): TEIDE GAR-MENDI NAGUSI (Birigoyoko tontorretik argi-argi ikusten da Teide sumendia, mendebalderantz, erraldoi, nahiz eta 150 km-ra egon).
 
  • LAVR TA KHIRHVR BADA (Arrieta): LAU ETA HIRU = BAT (seguruenik, uhartediaren kontzientzia sakona zeukaten garaiko guantxeek, argi baitzuten aldi berean zein zen artxipelagoaren egitura –Hierro, Gomera, La Palma eta Tenerife lau irlak batetik, eta Kanaria Handia, Fuerteventura eta Lanzarote hirurak bestetik– eta aberri bakarra osatzen zutela!).




Aurreko artikulutxoan idatzi genizuen "Urtarrilean bueltatzen garenean, berriz ere izugarrizko entusiasmoa jarriko dugu gure lanean [..]". Orain arte egindakoetan, gure pasio, entusiasmo edo kar hori baino ez dugu izan meritu. Orain, berriz, euskararen historiara pasatuko gara, euskararen jatorria Kanarietan dagoela frogatu dugulako, metodo zientifikoa erabilita.

Ez gara pasatuko historiara, ordea, euskararen jatorria deskubritu dugulako: ohore hori Federiko Krutwigi dagokio, berak garatu baitzuen Garaldea. Sobre el origen de los vascos y su relación con los guanches (Txertoa, 1978) liburuan espainiarrak Kanarietara heldu aurretik guantxeek erabiltzen zuten hizkuntza euskararekin ahaidetuta zegoelako hipotesia. 

Informazio gehiago nahi izanez gero (toponimia: Aguere, Arinaga...; guantxeen lexiko orokorra: adar, aho, argui, chenique...), esteka honetan aurkituko duzue.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina