15/2/6

Euskara batuak

Ea ulertzen duzuen gaztelania batuan idatzitako pasarte hau:
"¡Quitá la manito! ¡Sos reloco, vos!"
"Recién recibí un llamado telefónico: Martín debía agarrar el colectivo de las 08:00 en la calle Juan de Garay, pero está aún en el departamento buscando su saco nuevo; vendrá tarde al laburo."
Askok uste izango duzue ez dela gaztelania batua, baina bada: Argentinako gaztelania batuan idatzita dago aurrekoa. Buenos Airesen ez dute esaten chaqueta, esaterako; saco esaten diotenez, ez dago beste aukerarik hango gaztelania estandarrerako!

Espainian, berriz, bestelakoa da gaztelania batua:

"Acabo de recibir una llamada de teléfono: Martín debía tomar el autobús de las 08:00 en la calle Juan de Garay, pero está aún en el apartamento buscando su chaqueta nueva; vendrá tarde al trabajo."
Era berean, gure eskoletan aldarrikatzen dugu euskara batua ez dela monolitikoa, eta tokian tokiko euskarara egokitu beharko litzatekeela, handik-hortik-hemendik hartutako forma markatuak nahastu gabe. Hona hiru esaldi esanahi berarekin (Koldo Zuazo: Euskararen sendabelarrak, Alberdania, Zarautz, 2000 –apur bat moldatuta–):
  • Heldu den ortzegunean, bilera eginen dugu arratsaldeko lauretan, aurtengo konbenioaz solastatzeko: Guztiz egokia Bortzirietan (Nafarroa Garaian) erabiltzeko.
  • Datorren eguenean, batzarra egingo dugu arratsaldeko lauretan, aurtengo konbenioaren gainean berba egiteko: Guztiz egokia Durangaldean (Bizkaian) erabiltzeko.
  • Heldu den eguenean, bilera eginen dugu arratseko lauretan, aurtengo konbenioaz berba egiteko: Desegokia, gure uste apalean: artifiziala da bizkaierazko eguen eta berba egin nafarrerazko eta Ipar EHko heldu den eta -en amaierarekin nahastea.
Beste adibide bat:
Aste honetan, traba asko izan dira A8 autopistan elurra, harria eta euri zaparrada handiak egin dituelako. Bada, egokia izan liteke kontuz gidatzeko jartzen dituzten oharrek hiru forma izatea Bilbotik Baionara bitartean:


TXINGORRA
KAZKABARRA
BABAZUZA


Halako eguraldiarekin Bilbora joaten ausartzen den lapurtarrak jakingo du bere baazuza edo grêle gutxienez hiru eratara eman daitekeela euskara batuan (lehendik ez bazekien); eta ausarta Arrigorriagakoa bada, berdin: euren abasusie edo granizo euskara batuan idazteko zer aukera dauden ikasita helduko da Baionara (jakinaren gainean ez bazegoen).

Badakigu, baina, hibridazio handia egongo dela etorkizuneko euskara batuan. Guk ere geure hizkeretan arrotzak izan diren arbuiatu, igorri, aizto, untxi... integratu ditugu arazorik gabe idazkietan eta gelako jardunean; iruditzen bazaigu komunikabideetan-eta normal-normal erabiltzen dela forma bat, edonongoa dela ere, geuk ere erabiltzen dugu, konplexurik gabe... Kontua da ez dugula geure burua behartzen hibridoak egiteko: ez dugu geure artean esaten "orain Arratiakoa, orain Malerrekakoa, orain Baigorrikoa, dena nahastuta", hibridook tarteka munstroak suertatu baitaitezke. 








iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina