15/2/11

Hermafroditak

Lehenengoa
Begira, Maite, zer seme-alaba polita daukan Idoiak! 
Bai, benetan zoragarria! Nola du izena?
Asier-Amaia.
Bigarrena 
—Zure bizitzako unerik hunkigarriena?
—Nire seme-alaba jaio zen eguna.
—Zein du bere graziya?
—Hermes-Afrodita, jakina!
Absurdoa, ezta? Entzun, ez dugu halakorik entzuten; baina, gure eskuetatik pasatzen diren ohar eta gutunetan, askotan eta askotan irakurtzen ditugu honelakoak: "zuen seme-alaba", "zure seme-alabari"...


Eta zortzigarren probintziara (Internetera) jo dugu ikusteko ea oso zabalduta dagoen kontua. Zoritxarrez, epidemia bihurtu da.


Matricula a tus hij@s en el modelo D 
Matrikula ezazu zure seme-alaba D ereduan

Ondo konponketa erraza zeukan horrek aurrena euskaraz pentsatu izan bagenu:

Matrikulatu itzazue zuen seme-alabak D ereduan 
Enegarrena
 
Zein mailatan kokatzen da zure seme-alaba Oinarrizko konpetentzietan
En qué nivel se sitúa su hijo o hija en las Competencias básicas

Galdera-marka falta zaiola eta beste batzuk komentatzen ez gara hasiko, ez baitira gaurko gaia. Hermafroditei buruz ari gara, eta, ikusten dugunagatik, ama-hizkuntza gaztelera dutenek zehaztuagoa dute sexua.
Konponketa:
zure semea/alaba = zure semea edo alaba

Ernagarria
 "Zure seme-alaba ongi hezteko oinarriak" hitzaldia emango dute asteartean haurreskolan.
Lezioak ere ematen dituzte arazoari aurre egiteko...!
Konponketa:
 Zuen seme-alabak ongi hezteko oinarriak

Azkena
Liburu bat idatzi, seme-alaba bat eduki, zuhaitz bat landatu...

Sinetsi ezazue horiek eta askoz ere gehiago aurkitu ditugula sarean. Aterako du halako batean Euskaltzaindiak arau bat esanez seme-alaba singularrean erabili daitekeela? Guk, oraingoz, ez dugu onartzen (Eta Euskaltzaindiak ere ez, jakina: 25. araua).
Konponketa:
ume bat eduki / haur bat eduki / seme edo alaba bat eduki / alaba edo seme bat eduki...

Amaiera
Behar bezala idazten duen jendea ere badago, zorionez.
Edo barra:
Seme/alaba heldu baten autonomia gurasoen erakusgarria da.
(seme heldua edo alaba heldua)
Edo marra:
 Seme-alaba helduak, gurasoen etxean bizi behar dutenean, ez dira egoten gurasoak bezain gogobeterik.
(seme helduak eta alaba helduak)

Beraz, honela idatzi:
Konpondu, mesedez, semearen/alabaren mantala (josi botoiak/zinta).
edo
alabaren/semearen

Ordena aldatuta, behar bada, akatsa egiteko arriskua txikiagoa izango da; ez da inor hasiko honelako disparateak egiten: alaba-semea*, alaba-semeak*, alaba-semeari*, alaba-semearen*, alaba-semearentzat*...




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina