15/3/13

Kalko oker bat: "Puntuak, lerroak eta... azalerak (!?)"

Euskaltzaindiaren Hiztegiak dixit:
azalera iz. Mat. Geometria figura baten luze-zabalaren neurria. Triangeluaren azalera kalkulatzeko.
[Oharra: Neurria adierazteko erabiltzen da soilik: bestetarako, azal (leun, zakar...), gainazal, eremu (lurralde batena, adib.) etab. daude].
Badirudi euskaldun askok arazo handiak dituztela azalera hitzarekin; hainbestek eta hainbeste, non ohar bat gaineratu beharra sentitu duten Euskaltzaindiaren hiztegiko sarrera horretan...

"Izenak izana darama": Kontsulta Zerbitzukoon penthouseko azalea

Beraz, ez dira zuzenak honako adibide (benetako) hauek:
  • Espazioaren okupazioa: puntuak, lerroak eta azalerak. 
  • Margolaritza: Azalera baten gainean koloreak ezartzeko artea.
  • Sokatira: Lau edo zortzi pertsonaz osatutako talde batek –gehienezko pisu orokor jakina duelarik–, gomazko azalera baten gainean, beste antzeko talde bat ekarri behar du, biek soka baten mutur banari heltzen diotelarik.

Horien ordez, hauek erabili litezke, esaterako:
  • Espazioaren okupazioa: puntuak, lerroak eta azalak (edo aurpegiak). 
  • Margolaritza: Mihise, oihal, ohol... baten gainean koloreak ezartzeko artea.
  • Sokatira: Lau edo zortzi pertsonaz osatutako talde batek –gehienezko pisu orokor jakina duelarik–, gomazko zoru baten gainean, beste antzeko talde bat ekarri behar du, biek soka baten mutur banari heltzen diotelarik.

Jakina, azal, mihise, oihal, ohol, zoru... horiek azalera jakin bat izango dute:
  • Eman dezagun kubo baten aurpegi bakoitzaren azalera 4 dm2 dela. 
  • Atseginen Baratzea olio-pintura famatua 389 cm zabal eta 220 cm altu den ohol baten gainean egin zuen Jeronimo Bosch-ek; beraz, 8,56 m2 da haren azalera.
  • Gomazko zorua 36 m luze eta 100-120 cm zabal izatea gomendatzen du Nazioarteko Sokatira Elkarteak. Beraz, gutxienez 36 m2 azalerako goma erosi behar dugu herriko txapelketarako.


Matematika arloko kontzeptu abstraktua da azalera, neurtu daitekeen magnitude baten izen abstraktua: termino bat; gaizki erabilitako azalera haien ordez erabili ditugun hitzak, berriz, ez dira Matematikako terminoak. Luzera (eta sakonera, zabalera...), azalera, bolumena, edukiera... denak dira familia bateko haurrideak, eta zerbait konkreturen neurria adierazten dute.

Nondik dator arazoa? Askotan bezala, kalkatu egiten ditugulako formak gaztelaniatik:
  • ¿Qué ocurriría con los cuerpos en la superficie terrestre si la gravedad fuera mucho mayor? = Zer gertatuko litzaieke lurrazaleko (Lurraren azalerako) gorputzei grabitatea handiagoa balitz?
  • El submarino salió a la superficie una vez pasado el peligro = Behin arriskua pasatuta, itsaspekoa azaleratu egin zen (azalera / azalerara irten zen)
  • Quieren llevar las grandes superficies al centro de las ciudades = Hiriguneetara eraman nahi dituzte saltoki handiak (azalera handiak)
  • Necesitamos encontrar una superficie plana para efectuar el vivac = Zoru zati lau bat (Azalera lau bat) aurkitu behar dugu bibaka egiteko.
  • ¿Cómo calcular la superficie de un terreno rectangular? = Nola kalkulatu laukizuzen itxurako lursail baten azalera?

Arazo berbera izango genituzke antzeko beste hitz batzuekin:
  • Los animales que viven en las profundidades abisales suelen ser extraordinarios = Itsaso sakonean (Itsas sakoneran) bizi diren animaliak ikaragarrizkoak izaten dira
  • La profundidad de un pozo es mayor que su diámetro = Putzu baten sakonera diametroa baino handiagoa da.





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina