15/3/23

Labur, eder

R600eko eskolak prestatzeko erdi ahaztuta daukagun John Zabalo "Txiki"ren gaineko liburu bat irakurtzen ari ginela [LABAIEN, MATXIN (biltzailea): "Txiki" marrazkilari ta umoredun, Auñamendi, Zarautz, 1973], irudi (edergarri, garai hartan esaten zuten bezala) honekin egin genuen topo:

Otsoa, artzain
Xabiertxo euskarazko eskola libururik famatuenaren azala diseinatu zuen Txikik. Beraz, zeharka baino ez bada ere, izango zenuten inoiz haren lanaren berri. Gaurko gaia beste bat izan arren, iruditzen zaigu opari ederra egingo zenioketela zuen buruari Txikiren gaineko jakin-mina piztuko balitzaizue...

"Otsoa artzain": hortik tiraka bilbatuko dugu gaurko artikulutxoa.
Esaera zaharra da "Otsoa artzain", Arnaut Oihenartek Euskal atsotitzak eta neurtitzak (Les proverbes Basques, recueillis par le Sr. d´Oihenart; plus les poésies basques du mesme auteur) liburuan jaso zuena.

Esaera zaharrak, askotan, formula lapidarioak izaten dira: laburrak, gogoan betiko iltzatzeko, eta guztiz erakargarriak erritmoaren (eta errimaren, zenbaitetan) aldetik. 

Ez ezazue pentsatu gure ahozko diskurtsoa-eta atsotitzez josita egoten denik: esaera batek dioen bezala (esaera zaharrei buruzkoa da), "Zaharren usteak ez dira beti egiak", eta gu konforme gaude. Oso gutxitan baliatzen ditugu, beraz, eta saiatzen gara harira datorrenean baino ez erabiltzen. Esaterako, azterketa idatzietan maiz egiten dugu topo haietakoren batekin, eta gehien-gehienetan iruditzen zaigu naturaltasunik gabekoa dela, guztiz behartuta dagoela txertatuta testuan, norbaitek azterketarien artean mezu hau zabaldu balu bezala: "Idazlan luzeetan, sartu ezazue gutxienez esaera zahar bat, edo esapide jator bat: mundua mundu denetik; zenbat buru, hainbat aburu...". Kontuz jatorrismoaren aldeko kontsigna horiekin!

Baina, aldi berean, badakigu esaera zaharrak aitzakia hartuta polit-polito egin dezakegula jolas hizkuntzarekin, ea haien moldearen arabera antzeko beste formula batzuk asmatzen ditugun, edo gauza garen islatzen duten gizarte tradizional hartatik gaurko gizartera jauzia egiteko (gogoratu "Erraberoa eta darwinismoa" artikulutxoan aipatu genuen esaera zaharra, harako hark asmatua: "Artzainaren etxean, tetrabrick")... Badakigu Mintzamena lantzen duten gure lankideek halako ariketatxoak egiten dituztela, eta beti aurkitzen dituztela ikasketarien produkzioan gauza interesgarriak, bai eta perlaren bat ere noizik behin... 

Laburretan laburrenak, noski, bi hitzeko esaera zaharrak dira. Bada, horrelako 17 bildu zituen Oihenartek; eta ez dira gutxi, nahiz eta guztira 706 jaso zituen liburuan. Haietako beste zortzi ekarriko dizkizugu: paralelismoak, hotsak errepikatzeak, kontrasteak, paradoxak... aurkituko dituzue haietan.
  • Amaizunari kexua  [= Amaordeari, kexua (ahaleginean alferrik ari denari esaten zaio)]
  • Atzerri, otserri [= Atzerri, otsoen herri]
  • Beharrak, aharra [= Beharrak ahakarra/liskarra/errieta/kalapita dakar]
  • Bidaide, gogaide [= Bidean lagun doana, pentsamenduan ere lagun]
  • Eder, auher [= Eder, alfer]
  • Ederregia, itsusgarri
  • Eroria, borrokara
  • Lankide, gaizkide

Ea esaera horien moldeetan oinarrituta beste batzuk asmatzen dituzuen. Uste baduzue harribitxiren bat sortu duzuela, bidali blog honetara, guztiokin partekatzeko. Gu, zoriontsu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina