15/3/2

Sokasaltoan terminologiarekin



Zer da terminoa? Hitz tekniko bat, arlo eta jarduera jakin batekoa.

Esaterako, gaztelaniaz eta frantsesez hitz arruntak dira cuerda eta corde (hurrenez hurren); baina badira terminoak ere, adibidez hiru jakintza arlo hauetan erabiltzen direnak:

  Musika
  instrumentos de cuerda
  instrument à cordes
  Geometria
  cuerda de una circunferencia
  corde d´une circonference
  Anatomia
  cuerdas vocales
  cordes vocales

Ingelesez, jakingo duzuenez, rope eta string dira sokari esateko hitz arruntak. Baina, kontuz!, goian aipatutako jakintza arloetan, zein berba erabiltzen dira?

  Musika
  stringed instruments
  rope
  Geometria
  chord of a circumference
  rope/string
  Anatomia
  vocal cords
  rope/string/chord

Euskaraz, berriz, termino hauek erabili behar dira:   

  Musika
  hari instrumentuak / harizko musika tresnak
  soka/korda
  Geometria
  zirkunferentzia bateko korda
  soka/hari
  Anatomia
  ahots kordak
  soka/hari

Kontsulta Zerbitzuko kide bat, veena jotzen errekreoan

Kontsulta Zerbitzura heltzen zaizkigun zalantza asko eta asko terminologiaren gainekoak izaten dira: Nola esaten da euskaraz...?

  • Zona de cocción (Sukaldaritza) 
  • Empoderamiento (Gizarte Zientziak) 
  • Radiación de fondo de 3 K (Fisika)

Elhuyar eta Zehazki hiztegietara jotzen dugu aurrena, baina hiztegi horiek hitz arruntak kontsultatzeko erabili behar dira; dena dela, zenbait termino ere jasotzen dituzte (goian aipatu ditugun soka-hari-korda, adibidez). Gero, Euskalterm terminologia bankura jotzen dugu beti hitz teknikoak direnean (Mozilla Firefox nabigatzailerako Euskalbar tresna barran dituzue, beste hiztegi askorekin batera, bi hiztegiok eta Euskalterm bera; ez badaukazu oraindik, deskargatu segituan!).

Dena dela, tentuz ibili behar dugu Euskaltermekin, gure azken urteotako historia honetan proposatu diren aukera guzti-guztiak biltzen baititu, zaharkituta geratu direnak edo desegokiak direnak ere bai; Euskaltermen bertsio gaurkotuan, forma batzuek "termino normalizatua/gomendatua" etiketa dute, eta badirudi horiexek hobetsi beharko genituzkeela, eta beraz beldur gabe erabili.

Trebatu nahi duzue terminologian? Ea aurkitzen duzuen nola esan euskaraz: esquí de fondo (Kirola), fondo de pantalla (Informatika), fondo de inversión (Ekonomia), fondo de alcachofas (Sukaldaritza), radiación de fondo de 3 K (Fisika) eta fondo marino (Naturaren Zientziak).

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina