15/4/24

Bikoteak eta hirurok zuhaitz etxe batean emango dugu asteburua

Lehengo astean, sanedrinean bilduta gaudela, txoritxo bat (tamainagatik eta janzkeragatik, erroi bat) etorri zitzaigun albistea ematera:
—Gure lankide H. ezkondu egingo da, hilaren 24an!
—No-no-no-norekin, baina? —guk, zezelka, inbidiaz beteta.
—Ez dakit nor izango den haren bikotea. Galdetuko diot ikasketaburuari —gaineratu zuen erroi bihozgabeak.
'Bikotea' entzun, eta argi gorriak piztu zitzaizkigun gure burmuin gaixoetan: Aldatu egin ote du PPko gobernuak legea? Mormoitu egin ote da? Legezkoak izango ote dira aurrerantzean hiruren arteko ezkontza zibilak?

Helena, Hilario eta Hortentsi ezkondu zirenekoak (2014/08/03): goian, elkarri baiezkoa eman berritan; behean, eztei gauean hirurak, suitean.
 


Arazoa, jakina, gaztelaniaz erabiltzen den sinekdoke batetik dator: pareja hitzak, oinarrizko adieraz gain, badu beste adiera bat, sinekdokez sortua. RAEren hiztegiaren arabera, pareja da:

1.Conjunto de dos personas, animales o cosas que tienen entre sí alguna correlación o semejanza, y especialmente el formado por hombre y mujer (bi lagunez osatutako taldea).
2. Cada una de estas personas, animales o cosas considerada en relación con la otra.
(biko taldeko kide bakoitza bestearekiko).
Onartzekoa da bigarren erabilera bitxi hori euskaraz? Gure ustez, ez. Guk dakigula, katalanez (parella) izan ezik ez da beste inongo hizkuntzan egiten:
  • fr.: couple, baina partenaire, copain/copine...
  • ing.: couple, baina partner, boyfriend, girlfriend...
  • al.: Paar, baina Partner(in)...
Beraz, gure lankide H. bere bikotekidearekin ezkonduko da gaur (bikote-lagun, lagun, nobio/a, mutil lagun, neska lagun....), eta berarekin baino ez.


Kalkatu daitezke sinekdokeak? Batzuk antzinatik datozkigu, eta Europako kulturan unibertsalak ere izango dira; esaterako, eguneroko ogia. Baina beste batzuk hizkuntza batean oso markatuta daude, eta horiek ezin dira kalkatu:
  • ¿Ponemos veinte euros por barba? ("Jarriko ditugu hogeina euro?"; "Jarriko ditugu hogei euro bizar bakoitzeko?")
  • Mi sobrino ha cumplido doce primaveras. ("Ilobak hamabi urte bete ditu.";  "Ilobak hamabi udaberri bete ditu.)
  • Hamaika aldiz esan dizut horrelakorik ez esateko! ("¡Te he dicho mil veces que no hagas eso!"; "¡Te he dicho once veces que no hagas eso!")
  • Morroi batzuk dabiltza kalean Santa Ageda kantuan. ("Andan unos tíos en la calle cantando Santa Águeda"; "Andan unos criados en la calle cantando Santa Águeda")

Amaitzeko, hasierara itzuli, eta bukle melankolikoa osatuko dugu. Gaur ezkonduko da gure lankide H., eta zoriondu nahi dugu. Alemanez zoriondu ere, bera izan baitugu laguntzaile alemanaren gaineko zalantza bat heldu zaigun bakoitzean:


Herzlichen Glückwunsch! Für Euren gemeinsamen Lebensweg wünschen wir Euch alle Liebe und alles Glück dieser Welt. Ondo aprobetxatu hodei egunak!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina