15/4/27

Soilik emakume bat zegoen tabernan, bakarrik. Uste okerrak (II)


Hiru ikaslek bakarrik egin dute lana, eta elkarrekin, gainera.

Elkarrekin egin badute, ezin egin bakarrik.

Nola?

Bakarrik konpainiarik gabe da. Esan duzun horretan, soilik erabili behar da: hots, besterik ez.

Orduan, kafe-etxe batean pertsona bat baino ez badago, eta inor gehiagorik ez: soilik emakume bat dago tabernan, bakarrik...



Uste zabala da bakarrik konpainiarik gabe dela eta ezin dela erabili besterik ez, bestetan ez... adieran: esanahi horretarako, soilik erabili behar da.

Galdera bat-batean sortzen zaigu: zer egin behar dute bere hizkeran soilik erabiltzen ez duten hiztunek (eman dezagun bizkaieraz, gipuzkeraz edo Iparraldeko hizkeretan ari direnek)? Akatsa egiten dute beti? Nola ematen dute adiera hori?

Orotarikora joanez gero, datuak argiak dira: bakarrik hitza adiera bietarako erabiltzen da, eta hala jasotzen du Euskaltzaindiaren hiztegiak:
  1. adlag. Lagunik, kiderik gabe. Bakarrik etorri da.
  2. adlag. Eta ez besterik, eta ez gehiago, eta ez bestetan. Hauxe bakarrik esan nahi dizut.
Beraz, lasai erabil dezakegu bakarrik adiera bietan. Eta zer gertatzen da soilik-ekin?

Lehenengo, Orotarikora joanda, konprobatu dugu asko ere erabilera murritzagokoa dela. Eta, batzuen harridurarako, konpainiarik gabe adierarekin ere erabili izan dela... Zer diosku Euskaltzaindiaren hiztegi arau-emaileak, soilik sarreran?
  1. adlag. Bakarrik, eta ez besterik, eta ez gehiago, eta ez bestetan. Eskualde horretan guztian ez zen euskaraz soilik egiten.
  2. adlag. Bakarrik, lagunik edo kiderik gabe.

Kontsulta-zerbitzuko kide bat, bakarrik, txiza-erreka egiteko prest bakarrik?

Hortaz, bakarzaleok, lasai ibili bakarrik nahi duzuen guztietan!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina