15/5/15

Aditza, aurrera! (komeni denean)

Aurreko batean, akta bat nola egin erakutsi genizuen: nola egituratu, zer itxura eman... (diseinu kontuak). Azalpenetan sartu gabe, eredu bat eskaini genizuen. Gaurkoan, hizkuntza kontuetan sartuko gara.
Izan ere, egunotan KZra iritsi zaigu ikastetxe bateko (beste) akta bat zuzentzeko; eta, beste askotan bezala, esaldi jakin batzuen ordena aldatzen ibili gara. Ezkerreko zutabean ageri dira jatorrizko esaldiak; eskuinekoan, guk proposatutakoak. Horiz markatu dugu bere horretan utzi duguna.


Edozein mintegik har dezakeela parte, baina dagokion titulazioa eduki behar dutela azaldu du ikasketaburuak.

Ikasketaburuak azaldu du edozein mintegik har dezakeela parte, baina titulazioa eduki behar dutela.
Ordu kreditua jasotzeko, titulazioaz gain, beste baldintzaren bat eskatzen duten galdetu du Anak. Ezetz erantzun du ikasketaburuak. Gainera, datorren kurtsoan, 1. eta 2. mailan, ez dela egongo Historia ingelesez esan du.

Anak galdetu du beste baldintzaren bat eskatzen duten titulazioaz gain 6 orduko kreditua jasotzeko. Ezetz erantzun du ikasketaburuak. Eta esan du, gainera, datorren kurtsoan 1. eta 2. mailan ez dela emango Historia ingelesez.
Aurreko klaustroan batzorde bat osatu zela kalitatearena berrikusteko gogorarazi du ikasketaburuak.

Ikasketaburuak gogorarazi du aurreko klaustroan batzorde bat osatu zela kalitatearena ikuskatzeko.
Zertan datzan proiektua azaldu du zuzendariak gain-gainetik.

Zuzendariak gain-gainetik azaldu du zertan den proiektua.
Errekuperazioak egin ondoren estatistikak entregatzea komeni dela azaldu du ikasketaburuak, bestela datuak ez dira errealak.

Ikasketaburuak azaldu du komeni dela errekuperazioak egin ondoren estatistikak entregatzea, bestela datuak ez baitira errealak.
 
Konturatuko zinetenez, subjektua eta aditza aurreratu egin ditugu. Eta ohartuko zineten, gainera, aditz jakin batzuk direla horiek: azaldu, galdetu, esan, gogorarazi... Osagarriak -(e)la edo -(e)n menderagailua duten esaldi luze samarrak izaten dituzte; eta, jakina, oso ohikoak edozein aktatan.

PowerPoint aurkezpen hau daukagu zintzilik Interneten: "Hitzen ordena".

Ba, halakoetan, aditza aurrera eramatearena ez da gure kapritxo bat. Ahoz holako hurrenkera erabiltzen dugu, eta zerbaitengatik izango da: komunikazioa nabarmen errazten duelako. Beraz, uste dugu idatzira ere lasai-lasai ekarri dezakegula molde hori.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina