15/5/28

Deabru janztea eskatu ziguten

Gogoratzen gure Rioko abenturaren hasiera? Behin erabakita marakaz jarraituko geniola erritmoari, behingoz mozorroa zehaztea genuen bigarren pausoa. Hainbat e-posta trukatu genituen A Mangueirako escolakoekin: mozorro hau, beste hura, hobe hau... Gaitza zen guztion gustuko bat aukeratzea: eztabaida eta pelika handiak izan genituen geure artean, harik eta escolacandombléko apaizeme den Trinidade do Agradorengana jo zuen arte: tortolosak bota zituen, txokor handi baten kearekin haizatu, eta erantzuna erakutsi zion Iemanjá itsasoko erreginak: Iste ano de demónio.

Trinidade do Agrado, kandonble-erritualari ekin aurretik

Jainkosa nagusienetako batek hala agintzen bazuen, hala onartu behar denok, ezbairik gabe. Jaso genuen e-postan esaten zigutenez, "Eskatzen dizuegu gure jainko-jainkosen agindua betetzea eta guztiak deabru jantzita etortzea". Gutako batek oso zorrotza bera berehala okertu zuen muturra (musturre, bere kasuan: ze tributakoa da, orduan?): "Eskatzen dizuet jarraitzeko eta etortzeko!!". Hala ote?
1/ Beti bezala, tradizioko erabilera zein izan den jakiteko, Orotariko Euskal Hiztegira jo genuen, eta adibide hauek aurkitu:

‘-T(Z)EKO’dunak:
  • Eskatzen dezun eran gure animak garbitzeko.
  • Eskatu zion yexteko
  • Mesedez laguntzeko eskatu euskun.
  • Ixilik egoteko eskatzea gehiegi eskatzea litzateke.
‘-T(Z)EA’dunak:
  • Maiz eskatzen zioten itsasoko gauzak esatea.


Beraz, arrazoia zuela ematen zuen gure kide zorrotzak: tradizioan behintzat, -T(Z)EKO nagusitzen zen.

2/ Gero, Euskaltzaindiaren Hiztegian begiratu genuen, ea zer forma eta oinarrizko erabilera ematen zigun, eta ez dago ‘-T(Z)EA’ amaiera duen osagarririk adibideetan.
  • Zerbait esateko eskatu diot.

Ummmm, '-T(Z)EKO'k gero eta puntu gehiago zituen...


3/ Azkenik, Euskaltzaindiaren EGLUra jo genuen (Euskal Gramatika. Lehen Urratsak), gramatika arau-emailearen faltan, gutxienez deskribapen zehatz baten bila. Adibide hauek aurkitu genituen, eta azalpen tekniko xamarrak, moldaturik emango dizkizuegunak:
  • Gelak lehenago irekitzeko eskatu die atezainei.


 (...) norbaitek zerbait egiteko eskatu norbaiti da prototipoa.

Bestela esanda, pertsona batek norbaiti zerbait eskatu: -T(Z)EKO. Ohartu "eskatu" horren esanahia "agindu" esanahirantz lerratzen dela, apurtxo bat bada ere. 


Hala ere, badira salbuespenak:
  • (Atezainek) gelak lehenago irekitzea eskatu du
Nori eskatu ez dagoenean, -T(Z)EA erabiltzen dute hiztun askok.


Euskaltzaindiaren gramatikako azalpenak askoz luzeagoak dira (EGLU VII, 569-578. orrialdeak), eta hara jo dezake gehiago jakin nahi duenak. Guk, hala ere, arrazoi eman diogu gure lagunari: -tzeko eskatu erabiliko dugu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina