15/5/13

Nori berea, Obabako legea (Terminologia finkatzen II)

Amaitu gabe utzi genuen "Ostikoketa (Terminologia finkatzen I)" aurreko artikulutxoa, gogoratuko duzuenez. Eta zintzilik utzi genituen hainbat galdera: Finkatu zen nolabait futbol terminologia euskaraz? Nola?

Agerian dago badagoela finkatuta, neurri handi batean, euskaraz jarduten duten esatariei inolako arazorik gabe ahoratzen baitzaizkie honako terminoak:


jokalari
gol
estadio
ateko sake
berdindu
kanporaketa
arbitro
ordezko jokalari
zelai
alboko sake
irabazi
markagailu
ate
entrenatzaile
erdiko zirkulu
jaurtiketa
galdu
aldaratze
atezain
zale
korner
falta
emaitza
norgehiagoka
langa
aldagela
lagunarteko
lehen zati
liga
partida
zutoin
txartel hori
eraso
atsedenaldi
kopa
aurkari
baloi
txartel gorri
marrazain
luzapen
txapelketa
banderatxo


Baina baita honelako esapide bereziak ere, kala-kala-kalask:

Esan liteke urduri baino urduriago berdeguneratu dela hamaikakoa / Sekulako gol aukerak sortu ditu talde zurigorriak / Neurketa erabakita utzi zuen Osasunak 81. minutuan / Denboraldi amaiera paregabea egiten ari da aurrelari arabarra / Burukada arriskutsua kornerrera desbideratu du Ruli atezainak / Puntu bat urratu dute perikitoen zelaian / Hamaika abagune izan dituzte, baina ez dute behin ere atea zulatu...

KZko kide gazte bat, elastiko urdin-gorriarekin, Nafarroako EIBZko hiru aurkariri izkin egiten, lagunarteko partida batean.
Kirol alorreko terminologia finkatzeko prozesua eredugarria izan zen:
  • 1980an lan talde bat osatu, eta milaka terminoko corpus bat osatu zen, tradizioa eta premiak uztartuta; horrez gain, testu idatzietan eta saioaldi mintzatuetan zer-nolako fraseologia erabili ere landu zen. 
  • Gero, hainbat esatari eta idazle trebatze lanetan ibili ziren, eta haietako askok zeregin horretantxe aurkitu zuten bizimodua ateratzeko bidea, bistan denez.
  • Amaitzeko, gizarteratu egin behar zen hura guztia, eta zinez esan dezakegu beste alor batzuetan baino askoz ere arrakasta handiagoa lortu dela kiroletan, prozeduragatik beragatik, partaideen kalitateagatik eta konpromisoagatik, eta betebehar horri eskaintzen zaizkion baliabide ugarirengatik. Izan ere, arrakastaren oinarri garrantzitsuena promozioa izaten da terminologia finkatzean, eta ez dago zalantzarik: asteburuetan, ETB1-ek eta Euskadi Irratiak ez dute huts egiten kirola promozionatzen, eta harekin batera noski kirol hizkera...

Iribar "es cojonudo". Ez dago, ez, bera bezalakorik.
Dirua behar zen prozesua abian jartzeko eta garatzeko, eta kirol mundutik etorri zen. 1980ko maiatzaren 31n, Jose Angel Iribarri omenaldi egin genion San Mames zaharrera bildu ginen 30.000 ikusleok, jai giroan, Athletic-Real partidarekin (1-3 amaitu zen). "Euskara eta kirola" goiburua zuen omenaldi hartan bildutako dirua (orduko 11 milioi pezeta) ez zuen Iribarrek poltsikoratu: euskarari laguntzeko eman zuen; zehatzago, kirol lexikoa finkatzeko eta haren erabilpena sustatzeko, batetik, eta ikastolen gaineko film labur bat egiteko (Ikuska sailekoa).


Elortza ere aparta da. Ez dago, ez, bera bezalakorik.
Jose Angel Iribarri sustatzaile gisa eman nahi dizkiogu eskerrak, baina baita Iñaki Elortza "Txapas" azpeitiarrari ere, lan talde hartako partaideetan gailenari, hain zuzen ere. 1980an bertan Atotxara joaten hasi zen alegiazko irratsaioak (ez baitziren aireratzen) grabatzeko, eta gero lan taldean aztertzeko. Ogibidez aparejadorea izan arren, berehala ikusi zuten egundoko ekarria zuela partidaren gorabeheren berri emateko orduan, erdarazko gehienak baino hobea ere bazela. Eskuaira eta kartaboia utzi, eta mikrofonoarekin aritzea erabaki zuen hurrengo urtean. Donostiako Herri Irratian hasi, eta gaur egun EITBn daukagu lanean, beti bezain fin.


Bion aldera ezagutzaz beteak, gure esker ona adierazi nahi dizuegu, nori berea baita gizalegea.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina