15/5/18

Toponimiarekin jolasten

Leku izen hauek guztiok ezaugarri bat partekatzen dute:
  • Saharako basamortua
  • Alcantarako zubia (Extremadura)
  • Flumen ibaia (Aragoi)
  • Michigan aintzira
  • Puebla hiria (Mexiko)
 Badakizue zein ezaugarri den? Gertatzen dira horrelakoak euskaraz ere?



Goian eman dizkizuegun bost adibideotan, elkarren ondoan daude izen berezi bat (Sahara) eta izen generiko bat (basamortua), askotan gertatzen den bezala; baina bost horietan, bikote bakoitzeko izen bereziak eta izen generikoak esanahi bera dute, eta, hori dela eta, tautotoponimo deritze:
  • Sahara "basamortua" da arabieraz.
  • Alcantara "zubia" da arabieraz.
  • Flumen "ibaia" da latinez.
  • Michigan "aintzira" da Ipar Amerikako ojibwe hizkuntzan.
  • Puebla "herria" edo "hiria" da gaztelaniaz.
Bitxia egiten zaizue? Ez horixe. Gutxienez hiru prozesuren bitartez eraikitzen dira tautotoponimoak, gure ustez:
  1. Mapetako izen asko eta asko geografoek berek jarri dituzte. Nola? Bertakoei galdetuta: "Nola du izena leku honek?". Pentsatu ezazue Kaxmir eskualdean zaudetela, Dal aintziraren alboan, XIX. mendean, eta halako batean Royal Geographic Society-ko salakotdun esploratzaile batek galdetzen dizuela ea nola duen izena laku handi horrek. Zer erantzungo diozue, ba? Lakua, edo aintzira, edo ur piloa, edo horrelako zerbait. Izan ere, "aintzira" da kaxmireraz dal izena. Galdera: Zer esan nahi du gobik (Gobiko basamortua) mongolieraz, eta txadek (Txad aintzira) kanuri hizkuntzan?
    Dal aintzira = "Aintzira aintzira"
  2. Beste batzuetan, hizkuntza bat gailentzen da lurralde batean, baina aurrekoaren arrastoek iraun egiten dute izenetan. Hala, arabiera zen nagusi ia Iberiar penintsula osoan Al-Andalus izan zenean, baina Errekonkistarekin batera gaztelania nagusitu, eta barra-barra sortu ziren horrelako bikoteak: Alcantarako zubia, Alhamako bainutegia, Almadengo meatzeak, Guad(-iana, -alhorce, -alquivir, -ix...) ibaiak... Galdera: Zer ote da avon galesez, jakinik Avon river famatu bat dagoela Britainia Handian?
  3. Amaitzeko, gertatu liteke hizkuntza baten barruan denborarekin hitzen bat galdu izana, bestelako sinonimo batzuk-edo nagusituz joan direlako. Hori gertatu zen latinezko flumen hitzarekin: gaztelaniaz ez dago haren arrastorik (hizkera kultuan edo zientifiko-teknikoan izan ezik), rivu- erroko ondorengoak nagusitu zirelako: río. Galdera: Zer zen latinez ostium, jakinik Ostiako portua izan zela Erromako itsas portua? Gaur egun, Civitavecchia (= 'Irizar'/'Urizar') da portu nagusia.
Eta euskaraz?
Tautotoponimoen ohiko zerrenda guzti-guztietan aipatzen dira beti euskararekin zerikusia daukatenak. Eta logikoa da, behin ulertuta zer prozeduraren bitartez sortzen diren leku izen bitxi hauek:
  • Aran harana (Katalunia)
  • Harana / Valle de Arana (Arabako udalerria)
  • Baia ibaia (Arabako ibaia; Baias, gaztelaniaz)
  • Ühaitza(ndi) ibaia (Mauletik pasatzen den ibaia; zubereraz, ühaitz esaten zaio ibaiari)
  • Latsa erreka (Lapurdiko ibaia; 'erreka' esan nahi du lats hitzak; erdi galduta dago euskara mintzatuan, baina ez da zaila haren arrastoak identifikatzea: Lasa eta Laspiur deiturak, Lasarte eta Lasaga leku izenak...)
  • Irun hiria (iruinen esanahia 'hiria' da: Irun, Iruña, Iruñea, Irunberri...)
Beste batzuk ere aipatzen dira zerrendotan, baina ez ditugu ekarri, ez gara-eta guztiekin fidatzen. Baina, gaia interesatzen bazaizue, zuek zeuek osatu dezakezue zerrenda: askoz ere gehiago egongo dira. Guk, nahiz eta oso seguru ez egon, Gezira uhartea (Niloko irla bat da: asmatuko zenuten dagoeneko zer den arabierazko gezira, ezta?) gogoan dugula, beste ekarpen bat egingo diogu zerrendari: Izaro irla.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina