15/12/15

Durangon topatu ez ditugun liburuak

Durangoko azokak ditu euskarazko libururik gehien erakusgarri bere standetan: nobela eta poema, hizkuntzalaritza eta alpinismoa, haurrentzako ipuinak eta helduentzakoak... Gainera, bertan fisikoki ez duten bat nahi izanez gero, sarritan pare bat egunera ekarriko digute saltzaile prestuek edo eskura dituzten katalogoetan begiratzeko aukera izango dugu, gero beste nonbaiten enkargatzeko.



Baina badugu euskaraz idatzitako liburu guztiak irakurtzeko paradarik? Biblioteketara joanda ere, topatuko ote dugu hor nonbait norbaitek XVIII. mendean idatzi zuen liburu bitxi hura? Ba ote dago Euskaltzaindiaren Azkue biblioteka eta artxiboan, esaterako?

Bada, guztiak ez... Izan ere, baditugu gure testu zaharretan hutsune batzuk, armiarma.eus web-orriaren arduradun zoliek ere inon aurkituko ez dituztenak: euskarazko liburu galduez ari gara.

Hona hemen zerrenda bat:
  • Etxepareren liburuaren edizio galdua
  • Elsoko Santxoren Doctrina christiana (Iruñea, 1561)
  • Jean Etxegarairen bertsoak eta Artzain gorria antzezlana (Oihenarten arabera, 1565 inguruan antzeztua)
  • Arnaud de Lograsen lanak, Oihenarten L'Art Poetique Basquen aipatuak
  • Joanes Larrunbideren bertsoak eta antzezlanak, Isastik aipatuak
  • Zalgizen olerkiak: horiek ere Oihenartek aipatuak
  • Etxeberri Ziburukoaren Egunoroscoa, Oihenartek aipatua
  • Etxeberri Ziburukoaren hiztegia: jakina, Oinhenartek aipatua
  • Refranes y Sentencias-en zati galdua
  •  Joan Undiano nafarraren Cancionero delakoa (1600. urte ingurukoa) 
  •  Pierre Argaiñaratzen Avisu eta Exortacione probechosak bekhatorearentzat (Bordele, 1641)
  •  Jacques Belaren Dictionnaire basque eta Compendium de grammaire basque
  • Dominique Bidegaraik Nafarroako Estatuei aurkeztutako gramatika eta hiztegia (1675-1679 urteen inguruan)
  • Etxeberri Sarakoaren hiztegi laukoitza (XVIII. mende hasiera)
  • Martin Harrieten gramatikaren (Baiona, 1741) jarraipena izan behar zuten hiru liburukiak eta gramatikaren amaieran iragartzen dituen beste bi liburuak
  • Melchor Oyangurenek bere Tagalismo elucidado gramatikan (Mexiko, 1742) iragarri zituen hiru lanak: lehena, tagaloa-gaztelania-euskara hiztegi hirueledun bat; bigarrena, Arte de la lengua Vascongada, Oyangurenek berak dioenez 1715ean idatzi zuena; eta hirugarrena, Cantabrismo Elucidado izenekoa
  • Duhalderen hiztegi mardula (XVIII. mendearen erdikoa)
  • Lecluseren hiztegia, XIX. mendearen hasierakoa
  • Iturriagaren hiztegia (c. 1840)
  • Lardizabalen hiztegia (c. 1850)
  • Antero Apaolazaren Patxiko Txerren izenburuko itzulpena, familiak beste lan guztiekin batera erre omen zuena (XIX. mendearen amaierakoa)
  •  Petitun eta Petik-Huni xaribaria, Bordeleko Udal liburutegian zegoena
  • Jean Baptiste Hardoyren bi astolaster: Belkader, Afrikako errege eta Tuduk, Annameko enperadorea (1892koak biak)
  • Gabriel Arestik paratu zuen Ulysses-en itzulpena (bai, Joycerena!): guardia zibilak eraman omen zuen Jon Juaristiren etxetik arakatze batean
  • ...

Izango dugu noizbait horiek esku artean orriz orri gozatzeko astirik? Auskalo! 

[Aitormena eta tributua: post hau prestatzeko, Ricardo Gómezen Filoblogia blogeko artikulu zahar batean oinarritu gara. Ricardo, zure fanak gara!!]



"Izango dugu noizbait horiek esku artean orriz orri gozatzeko astirik? Auskalo!" idatzi dugu gorago. Ez horixe! Pazientzia eta sator-lana izanez gero, emaitza onak suertatu litezke arlo honetan. Zergatik diogu hori? Sorpresa galantak gertatzen direlako noizik noizera:

Esate baterako, Ricardo Gómezen artikuluan, Materreren Doctrina Christianaren lehen edizioa (Bordele, 1617) ere aipatzen da. Baina kendu egin behar da liburu galduen zerrenda luzetik. Non eta Danimarkako Errege Liburutegian aurkitu zuten Aziti Bihia elkartekoek!! Ez gara txantxetan ari, paragrafo honetako esteketan klik eginez gero ikusiko duzuenez.





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina