14/11/26

Zer ez da itzultzea?

"Zer ez da itzultzea? Abiapuntuko testuak dioen guztia ez esatea (edo ez dioen zerbait esatea), eta esaten dena hizkera natural eta jatorrean ez adieraztea."


Batzuetan, testu bat euskaratzen saiatu eta geratzen zaiguna ulertzeko, ezinbestekoa izaten da joan eta etorriko bidaia egitea: euskaratutako testua erdaraz ulertzen dugu, ez euskaraz. Maiz asko gertatzen zaigu hori, esaterako, aditzetatik datozen izenak erabiltzen ditugunean.

Adibide bat ematearren, institutu bateko arautegitik ateratako mezu labur batekin arituko gara:
Se informa de que está prohibido el uso de aparatos electrónicos (teléfonos móviles, juegos electrónicos...) por parte del alumnado durante las horas lectivas.

Nola esaten da uso euskaraz? "Erabilera, erabilpen, erabiltze, baliatze, usatze." diosku hiztegiak, eta, hiztegiak hala badio, hala izango da, gu baino listoagoa delarik.

Nola esaten da, berriz, alumnado? Hori badakit. Blog honetan bertan argitaratutakoa ondo barneratuta daukat: ikasleak.

Beraz,

Gailu elektronikoen (telefono mugikorrak, jolas elektronikoak...) erabilpena eskola-orduetan ikasleen aldetik debekatuta dagoela jakinarazten da.
Ondo itzulita dago? Gure ustez, ez. Zergatik ez? Ez delako euskara. Eta, balitz ere, ez legokeelako hizkera natural eta jatorrean adierazita. 

Nola beharko luke, orduan? Honelako zerbait, esaterako:


Jakinarazten dizugu debekatuta dagoela eskola-orduetan ikasleek gailu elektronikoak (telefonoak, jolas elektronikoak...) erabiltzea.

Oharra: Konturatu zara telefonoak idatzi dugula, abizenik gabe?


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina