15/3/18

Oi, Pello, Pello! Jaikiren hiza behingotz oheti?

R600eko gure eskoletan, erabaki dugu egundoko oparia egitea ikasketariei: Valere Artxu-Idiart Altzürüküko bertsolariaren Argi azkorrian jinik (Agota) kantua eskaintzea, bi gazteren arteko ezinezko amodio baten gaineko elkarrizketa (XVIII. mendearen amaierakoa da). Zubereraz dago idatzita, eta, beraz, oztopo akizaten dira maiz oso-osorik ulertzeko. Esaterako, hirugarren ahapaldian atzizki arrotz samar bat ageri da, hiru aldiz ageri ere:
—Gor niza, ala entzün düt? Erran deitadazia
sekülakoz jin zaiztala adio erraitera?
Etziradia orhitzen gük hitz eman dügüla
Lürrian bizi gireno alkharren maithatzia?
(niza = niz + a / deitadazia = deitadazu + a / etziradia = ez zirade + a)

Zer demontre da berdez nabarmendu dugun atzizki hori? Bada, Ekialdean (behe nafarreraz eta zubereraz) erabiltzen den -a atzizkia adizki jokatuei eransten zaie bai/ez moldeko galde perpausetan, eta gipuzkeraz erabiltzen den 'al' partikularen testuinguruetan agertzen da (Euskaltzaindiaren Gramatika laburratik).


Gure inguruko euskara batuan, honela eman liteke ahapaldi hori:
—Gor (al) naiz, ala entzun dut? Esan (al) didazu 
betiko etorri zatzaizkidala adio esatera?
Ez (al) zara oroitzen guk hitz eman dugula
Lurrean bizi gareino elkar maitatzea?
KZko kide baten aita agota, amaren besoetan.
Hori jakinda, errazago egingo zaizu ulertzea Oi, Pello, Pello kantu famatuaren errepika:


Oi, Pello, Pello! Logale nauk eta
jinen niza ohera?
[Oi, Pello, Pello! Logale nauk eta
etorriko (al) naiz ohera?(joango al naiz ohera?)]


Pello ohean gozo-gozo dagoen artean, emaztea lanari emana: iruten, astalkatzen, harilkatzen, josten...; eta Pellori "jinen niza ohera?" baimena behin eta berriro eskatzen. Hartan, eguna argitzen du eta emazteak etxeko beste lanak egiten hasi behar du; beraz, galdu du oheratzeko aukera.


Gaurko azken kantua: Adios ene maitia


—Zertako erraiten düzü adio sekülako?
Uste düzia nik eztüdala amodio zuretako?
Zük nahi balin banaizü enükezü bestentako.
—Zergatik esaten duzu adio betiko?
Uste (al) duzu nik ez dudala amodio zuretako?
Zuk nahi baldin banauzu ez naiz izango besterendako.

Ez pentsatu, gero, aspaldiko euskararena denik egitura hau. Oraindik bizi-bizirik dago hango hizkeretan -a atzizkia; esan genezake guztiz arrunta dela Ekialdeko euskara batuan. Esaterako, hona hemen Herria aldizkariko bi adibide (mende honetakoak dira):
  • Espainola, Ingelesa proposatuak dira aurten, uste duzuia euskara ere proposatua izanen zaiela Angeluar ttipittoei astean oren bat eta erdiz? [(= al duzu)]
  • Gaskoinen plaza izanen dea aurten ere Baiona/festibalaren bihotza? [(= al da)]



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina