15/3/27

Usain, Aberri Eguna, Quasimodo...

Oporrak, gaur! Jamaikako Aste Santua ez dugu ezagutzen, eta hara itzuliko gara, zer-nolako
—Usain, prozesiora joateko, norantz? 
—Segi zuzen Slipe Rd-etik gora!
prozesioak antolatzen dituzten ikertzera.

Gaur oporrak, eta kilo erdiko txuleta bana bazkaltzera joango gara, ospatzeko... Gutako batek, baina, katoliko integrista izanik, ez du haragirik jaten ostiraletan, eta are gutxiago Aste Santu bezperan. Badakizue nola konpondu dugun arazoa? Laudiora joango gara, Dolumin Barikuko abere feria entzutetsua ikustera, eta aprobetxatuko dugu han aita santuaren bulda daukatela, garizumako ostiraletan ere haragia jateko baimena ematen diena, bertan bazkaltzeko...
Gabonetako oporren aurretik, egutegi bat eskaini genizuen "Zein egunetan jaio zen Humphrey Bogart?" artikulutxoan, egun seinalatuenen euskal izenekin. Oraingoan ere, Aste Santuari dagokion egutegia eskainiko dizuegu:

(Martxoaren 28a): Batzuei, egun honetantxe hasiko zaie Aste Santua / Saindua / Gurena edo gurutzebidea, IRALEko atariko proba (eta ez froga) egin behar dute eta!


(Martxoaren 29a): Erramu(ko) igande / Erramu(ko) domeka / Erramu(ko) egun. Igande honetan hasten da Aste Santua, eta hurrengoan amaitu.

(Apirilaren 2a): Ostegun Santua / Ortzegun Saintua edo Eguen Gurena / Saintua. "Eguen Gurenez bedeinkatzen den erramua gari-soloaren hiru puntatan sartzen da, berakatz-atalez nahastuta, gariari ugerrik egin ez dakion". Ez dakigu nondik atera dugun esaldi hori: edo (Pizkunde Maria) Azkueren Euskalerriaren Yakintza (I. liburua) irakurrita edo Jakoba Errekondori ikasita larunbat goiz batean, Euskadi Irratiko Landaberri programan...


(Apirilaren 3a): Ostiral Santua / Ortziral Saintua, Bariku Gurena / Santua edo Bariku Gurutzeko / Barikurtze (haplologia da barikurtze: gogoratzen duzue haplologiena?). "Ostiral Santu egunean jaiotzen dena kondenatu egiten da; hiltzen dena zeruratu". "Bariku Santu egunean eginiko opilari odola egiten zaio, eta inork ez zuen eta ez du egun horretan opilik egiten". Ez dugu jango haragirik, jakina: ohitura errespetatzeko, lobster thermidor bana hartuko dugu for lunch.


(Apirilaren 4a): Larunbat Santua / Saintua edo Zapatu Gurena / Santua. "Zapatu Gurenez, elizatik etxera ura ekarri, eta urte guztian etxean edukitzen da. Artoari, ereitorduan, ur hori botatzen zaio".


(Apirilaren 5a): Pazko Igandea / Domeka, Pazko Eguna, Pazko Lehenengo, Pazko Loratua edo Pazko Garizumakoa. Udaberriko ekinokzioaren ondorengo ilargi betea pasatu eta hurrengo igandea: egun honetantxe amaitzen da Aste Santua, eta Pazko Astea hasi.
Sabino Arana Pazko Igande batez jabetu zen zein zuen aberria, anaiarekin solasean zegoela, eta argialdi haren 50. urteurrena ospatzeko antolatu zuen EAJk lehen Aberri Eguna, Bilbon, 1932an.
Jamaikan egingo dugu guk kristoren kalejira, Jesukristoren Pizkundea ospatzeko beti izan baititugu arazo matematiko handiak: ostiralez hil eta hirugarren egunera berpiztu behar bazen, zergatik igandean eta ez astelehenean ospatu? Katoliko integristari galdetu diogu, baina Filosofia eta Letretan lizentziatua da.


(Apirilaren 6a): Pazko Astelehena, Pazko Erdikoa edo Pazko Bigarrena. Jaieguna da Euskal Herrian, eta bai Jamaikan ere! Baina ziurtatuta daukagu otarrain jana: gure adiskide Marcus Mosiah-ek egunero dauka zabalik txiringitoa Treasure Beach-en.


(Apirilaren 12a): Pazko Zaharra edo Pazko Zuria. Dimanche de Quasimodo: "Quasi modo geniti infantes, alleluia". Alleluia? Bai, zera! Amaitu zaizkigu oporrak. Ñi-ñi.

1 iruzkin:

  1. Benetan interesgarria! Nire zorionik beroenak blogaren arduradunari.

    ErantzunEzabatu