15/5/29

Kontuz!

Joan den ostiralean, gaur zortzi, segurtasun-kartelak direla eta aritu ginen. Batzuetan, kartel horiek ez dute hitzik behar. Adibidez:

Gerta liteke, ordea, baten batek pentsatzea hor patinaje artistikoa edo rokanrola ikasteko eskolaren bat dagoela (eta zartako earra hartzea). Orduan, hitzez zehaztu behar da: Kontuz! Zorua bustita (hori bururatu zaigu guri, eta hala dakar Errotuluen Hiztegiak: bingo!).

Jarri gaitezen serio-serio.

Joan den astean zintzilik utzi genuen hau esplikatzea: "emisión de partículas". Eta zer da hori? Euskalterm-era jo genuen, eta gero Google-era, ea zer aurkitzen genuen.

1. bilaketa: emisión de partículas = partikula-igorpena (Euskalterm).



Google-ko esteketan klik egin, eta alfa, beta, gamma... ziren partikula guztiak, edo X izpiak, edo erradiazio termikoa... (baina baita ur lurruna, edo karbono dioxidoa... ere). Ia dena zegoen erradioaktibitatearekin lotuta; goi mailako Fisikako edo Kimikako ozeanoan murgilduta geundela zirudien.


Baina, pentsaturik kartelak Lanbide Heziketako tailer baterako izanik ez zeukala erradiazioarekin zerikusirik, beste saiakera bat egin genuen: zer-nolako irudiak zeuden kontzeptu horri lotuta?


2. bilaketa: proyección de partículas = ???

Honelako irudiak aurkitu genituen:

Hau ez genuen nahi: Kontuz! Hartxintxarrak.


Hauek itxura hobea zuten, eta hortik abiatu ginen soluzioa emateko.

Kontuz! Karraka-hautsa eta txirbilak harrotzeko arriskua

Ulertzen da? Luzeegia da? Karraka-hautsa harrotzen da halakoetan? Txirbilak? Edo txinpartak ote dira? Bururatzen zaizue beste zerbait? (Oso gustura hartuko genituzke zuen ekarpenak, benetan).

Portzierto, erradioaktibitatearen ikurrak izan du bere bilakaera (polemikoa izan zen koloreak erabakitzea):

40ko hamarkadan, magenta eta urdina; 60koan, magenta eta horia; gaur egun, beltza horiaren gainean.
Dena dela: Kontuz! Erradiazioa
Zenbatek zenekiten ikur horren esanahia? Gure artean, gutxik. Hasi beharko gara pentsatzen zer testu jarri: Kontuz! Pupu egiten du (baina ez da berehalakoan hautematen).

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina